XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ariketa honetan baserria eta hiriko etxebizitzaren arteko ezberdintasunak aztertzea proposatzen dizuegu.

Ezberdintasun horiek bi mailatan ikertzeko ahaleginak egin behar dituzue: alde batetik kanpokaldetik dituzten diferentziak ikusiz eta bestetik barneko antolamendua nolakoa den bi kasuetan alderatuz.

Taldean egiteko lana da hau eta agian biderik egokiena talde txikitan aztertzea litzateke, gero talde handiagoan edo gelako guztien artean eginez bateratze lana.

Kontutan izan azterketak duen adinako garrantzia duela azterketa horretatik inferitzen diren ondorioak garbi adierazi eta laburtzea....

Baserria

Euskal Herriko zati handi batean, baserriak garrantzi ekonomiko, kultural eta sozial berezia izan du.

Klima ozeaniar edo atlantiarra duen Euskal Herriko zatian ukaezinezkoa da baserri honek izan duen eta gaur egun ere duen garrantzia.

Hori dela eta, arreta berezia eskaintzen diogu atal honetan, barnegitura, kanpokaldea eta baserriaren lurraldeak nolakoak izaten diren aztertuz.

1) Baserriaren barnegitura

Baserri gehienak, normalki, ekialdera edo hegoaldera begira eraikiak daude.

Beheko solairua, etxebizitzatzat erabiltzen denean, sukaldea, logelak, egongela eta ikuiluaz osaturik azaltzen zaigu.

Ikuiluan baserriko abereak gordetzen dira: behiak, astoa, mandoa, zaldia....

Famili bizitzak sukaldean izaten du bere gune nagusia.

Bigarren solairua ere etxebizitzatzat erabili ohi da, bertan logela gehiago, bat bisitarientzat izendatua egoten dena, eta famili bileretako egongela batez osatzen da.

Bi solairu hauek eskailera arrunt batez lotzen dira.

Goian teilatupean ganbara kokatzen da, biltegi bezala erabiltzen dena, bertara ere eskailera arrunt batez iristen delarik.

2) Baserriaren kanpokaldeko egitura

Baserriaren kanpokaldean, beste zenbait eraikuntza txikiagoak aurki ditzakegu erabilpen ezberdinetarako.

Hauetan belarra, lastoa, simaurra, lanabesak edo gurdiak gordetzen dira.

Baita ere baserriko tailertzat erabiltzen da.

Kanpokaldean ere aurkitzen ditugu txerritegiak eta oilotegiak, batzuetan baserriari itsatsiak eta bestetan aparte eraikiak.

Bada baita ere beste eraikuntza bat gaur egun ia desagerturik dagoena, baina baserriari oso loturik egon dena, garaixea edo garaia (Euskal Herriko horreoa).

Hau ere biltegi bezala erabiltzen zen.